2016(e)ko abenduaren 13(a), asteartea

Sineskeriak

Sineskeriak arbasoengandik datozkigun usteak dira, belaunaldiz belaunaldi iraun duten beldurrak eta tradizioak.

Sineskeriak arbasoengandik datozkigun usteak dira, belaunaldiz belaunaldi iraun duten beldurrak eta tradizioak.

EZPAIN-ZAPIA TOLESTEA 
Otordua amaitzean ezpain-zapia txukun-txukun tolesteak esan nahi du amaitutzat ematen direla geure inguruan daudenekin ditugun harremanak. Dagoen bezala utzi behar da ezpain-zapia mahai-zapiaren gainean.

ISPILUA PUSKATZEA
Pertsonaren irudia ispiluan islatzen baita, hau puskatzeak gaixotasunen bat datorrela esan nahi du. Hori dela eta, horrelakorik gertatuz gero, puskak errekako urarekin garbitzea da onena. Era berean, gauza txarra da hildakoaren gaubeilan ispilua jartzea, atzeman egiten baitu hilaren irudia.

13 ZENBAKIA 
Sineskeria hedatu honek Bibliako Ebanjelioan du oinarria, Jesukristoren Azken Afariko pasartean. Hamahiru ziren afaltzera gonbidatuak, eta haietako batek heriotza tragikoa izan zuen. Horregatik, zoritxarra dakar hamahiru mahaikide elkarrekin bazkaltzeak edo afaltzeak, orobat hamahiru laguneko bilera egiteak ere.

OHEA 
Aspaldiko kondaira zahar batek dioenez, suerte txarra dakar hankak gelako atera begira daudela lo egiteak, hori egiten duenak gazterik hilko baita. XVII. mendean zioten, goizean esnatzean txarra dela ohearen ezker aldetik jaikitzea. Zoritxarrak uxatzeko komeni da ohe-azpian eskukada bat gatz jartzea. Era berean, ona omen da oinazpian txistuarekin gurutzea egitea, gauero oheratu aurretik.

LAU ORRIKO HIRUSTA
Horrelako bat aurkitzeak esan nahi du zori oneko zerbait gertatuko dela, batez ere jolas-jokoetan. Ona da hirusta hori maite dugun norbaiten argazkiaren ondoan jartzea, baita loteria-dezimoen aldamenean ere.
ZAPATAK MAHAI-GAINEAN
Zapatak ez dira mahai-gainean utzi behar. Sineskeria hori ohitura zahar batetik dator. Norbaiti hil-arropa janzten zitzaionean, hilaren gainean uzten ziren zapatak. Era berean, suerte txarra dakar zapata-lokarriak askatuta ibiltzeak, hurbildu egiten baita infernurako bidea. 
ETXEAN ZUREZKO GAUZAK EDUKITZEA
Jesus iltzatu zuten gurutzea zurezkoa baitzen, ona da etxean zurezko gauzak edukitzea, zorte ona ekartzen baitute.

KATU BELTZA

Egipton animalia sakratutzat zeukaten katu beltza. Batzuetan, katuak faraoiekin batera lurperatzen zituzten, hildakoaren arima sendotzen omen zutelako, horregatik lotzen dira katuak heriotzarekin. Horien fama txarra Erdi Aroaz geroztik areagotzen joan zen, sorginek erritualetan erabiltzen zituztelako.

KONKORDUNAK UKITZEA 
Garai batean, eskale konkordunek diru gehiago biltzen zuten besteek baino. Horregatik, tradizioaren arabera, onuragarria da konkorra ukitzea dirua errazago etor dadin.

ESKUA HAURDUNAREN SABELALDEAN 
Emakume haurdunaren sabelean bizi berria ari da garatzen. Hori dela eta, zori ona dakarkio sabelaldean ukitzen duenari.

PARETA-ERLOJUA 

Erabat geldirik baldin badago, esan ohi da familiaren bilakaera eta aurrerapena gelditzen ari dela, eta etxean norbait gaixorik badago, ez dela inoiz sendatuko. Horrekin batera, esan ohi da erlojuak orratzak markatzen ez dituen orduak jotzen baldin baditu, aurki gauza txarren bat gertatuko dela.

ORRATZAK 
Sastatzen duen zerbait opari gisa jaso, eta trukean txanpon bat ematen bada, hobetu egiten dira bien arteko harremanak. Orratzak lurretik jasotzeak suerte ona dakar, baina jostorratzek oso zori txarra. Jostunen artean, orratzen bat arropan trabatuta geratzen bada, aurki senargaia aurkituko duela esan nahi du.

PERLAK 
Txinatarren tradizio batek dioenez, euri-tantak ostrak jotzen zituenean osatzen ziren perlak, zeruko malkoak balira bezala. Geroago, beste sineskeria bat zabaldu zen, alegia, perlazko lepokoa puskatzen bada, zoritxarra helduko dela. Beraz, perlazko lepokoa edukiz gero, kontuz ibili behar da apur ez dadin.

KOLORE HORIA 

Horrek zorte txarra dakarrela, gertaera jakin batetik dator. Molière dramaturgoa eszenategian hil zenean kolore horiko arropa zeraman soinean. Saihestu egin behar kolore horia, garrantzizko zerbait egin behar denean.

 GATZA ETA OLIOA
Olioa isurtzeak galera ekonomikoak izango direla esan nahi du. Berdin gertatzen da gatzarekin ere, oso estimatua izan da beti eta eskuz esku pasatzeak zorte txarra dakar. Hori saihesteko, gatz-eskukada bat pasa behar da ezkerreko sorbaldaren gainetik.

TXIMELETAK 

Oso denbora gutxi irauten baitute, sinetsi ohi da ustekabeko albisteak eramaten dituztela, kolore zurikoek berri onak, eta marroiek diru-arazoak. Tximeletak ez dira hil behar, hori egiteak iragarpen onen eta zoriontasunaren denbora murriztu egiten baitu.

AZPIKO ARROPA 
Arropa hori atzekoz aurre janzteak ustekabeko oparia jasoko dugula adierazten du. Urtezahar gauean azpiko arropa gorria jantzi behar da, zoriona dakarrelako. Era berean, galtzerdiak garbitu eta lehortzen ari direla elkarrekin nahasten badira, amodioa eta zoriontasuna helduko dira.
OSTADARRA 
Hori ikustean, gomendatzen dute amodioarekin zerikusia duen zerbaiten eskaria egitea, ostadarraren koloreak jainko-argiaren ezaugarri baitira. Eta, aldi berean, euria ari badu, horrek esan nahi du uzta onak bilduko direla eta, beraz, dirua eta etekina nekazarientzat.

OGIA 

Janari sakratua dela uste da, eta ez da inoiz ere bota behar. Beste erremediorik ez badago, muin egitea da onena. Ogia ez da aizto batekin ebaki behar, eskuz baizik. Eta ogi-puskak ez dira behin ere azpikoz gora jarri behar. Herri txikietan uste da, azken ogi-koskorra jateak, uste baino lehen gertatuko den ezkontza iragartzen duela.
Santuek ere laguntzen dizute bizitzan

SANTA ELENA, DEPRESIOAREN AURKA 
Abuztuaren 18an ospatzen da Santa Elenaren eguna, depresioaren aurkako babeslearena Aski da dominatxo bat edo estanpa bat poltsa berde batean sartzea, garo-hosto batekin edo betibizi loreekin bilduta. Itxita eraman behar zakutxoa eta ohiko gauzekin batera. Babes hori osatzeko 7 Kredo esan behar dira zazpi egunean segidan.

SAN ELIAS, LANA AURKITZEKO
Lana aurkitzeko, eta lan-eskaintzak ez galtzeko, kolore zuriko lanpara bat piztea da onena, lore-hosto gorriak inguruan dituela. Sei larunbatetan segidan egin behar da hori. Aldi bakoitzean, lore-hostoak poltsatxo zuri batean gorde behar dira, eta lan-eskaintzaren bat azaltzen denean, hosto horiek landan lurperatzea da onena. Horrela, ez dugu inoiz ere langabeziaren beldurrik izango.

MAITASUNA, SAN ANTONIORI ESKER
Diotenez, santu honi eskaera egitea da gauzarik ziurrena nahi dena lortzeko. Bikote-kidea erraz aurkitzeko, San Antoniok hauxe bakarrik 'eskatzen' du, zazpi orratz ur bedeinkatu ontzian erortzen uztea, hondoa jo arte. Gero, amorantearen bila dabilenak eskua sartu behar du ontziaren barruan. Zorionekoa izango da, esku-azpian sastatuta geratzen zaizkion orratz-kopuru adina ezkongai izango ditu atzetik segika.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina