2017(e)ko apirilaren 28(a), ostirala

Banakariak...


Distributiboek bakoitzari zenbat dagokion adierazten dute eta -NA atzizkia erabiltzen da horretarako: 
    bana, bina, bosna, hamarna, hogeita bosna, berrogeita hamazazpina,                 laurehuna, seiehun eta hirurogeita seina...

Banakariek, hitzak berak salatzen duen bezala, «banatze» adiera dute:
Bina lagun ekar ditzakezue = bakoitzak bi lagun ekar ditzakezue.
Bosna goxoki eman ziguten = bakoitzari bost goxoki eman ziguten.

Beraz, X-na banakariak honako hau esan nahi du: «bakoitzak / bakoitzari / bakoitzean… X». Hori esan nahi da «banakari» hitzarekin. Eta jakina, banatu ahal izateko, zenbatzailea daraman sintagmak nolabait lotua, erlazionatua, egon behar du ‘aurrekari’ plural batekin. Gauza bat bakarra ezin bana daiteke. Horregatik, honako perpaus hau okerra litzateke:

*Mirenek denda horretan liburu bana erosi du.
Perpaus hori zuzena izateko, izen-sintagma pluralen batekin erlazionatzeko moduan jarri behar da. Adibidez:
Mirenek eta Peruk denda horretan liburu bana erosi dute
Mirenek denda horietan liburu bana erosi du.
Mirenek denda horretan liburu bana erosi die gurasoei.

* Kontuz ibili behar da milatik gorakoekin. "Milana" eta "milioina" egokiak dira, baina inguruan beste zenbaki bat agertzen denean, hari lotu behar zaio -na atzizkia.
mila bana
bina mila
hogeina mila
bosna milioi
berrogeita hamarna milioi
milioi bana

Ez dira zuzenak, beraz, *hiru milana edo *berrogeita bi milioina bezalako formak.
Banatzaileen inguruan, EHULKUren aholkua (egin klik irudiaren gainean)

Kirolean, berdinketa adierazteko erabiltzen da:
Atzoko partidan bosna geratu ziren.

Edozein modulan ere, zenbakia oso korapilatsua izanez gero, “bakoitza” erabili ohi da, banatzaileen ordez:
15.354 € egokitu zaizkio biztanle bakoitzari.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina